XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JABETZA ERREGIMENA

Antzinako Erregimenean, Gaztelan ez zan ulertzen noble edo aitonenseme bat industria- edo merkataritza-jardueretan aritzea.

Euskal Herrian kontrakoa gertatzen zan, burdinolarik gehienak jauntxoen eskuetan egozalako eta honeexek ziralako Erdi Arotik euskal siderurgia kontrolatzen ebenak.

Muskizen, adibidez, Erdi Arotik, haraneko leinu nagusienak izan ziran burdinolen jabeak.

Batzuetan, ez zan jabea bera izaten burdinola explotatzen ebana zuzenean, baizik eta diru kopuru baten kobrantzaren bidez egiten eban.

Burtzeñako Mesedeetako Komentuan Juan Ochoa de Salazar-ek komentu horretako Kapera Nagusiko sortzaile eta zaindariak sortu eban memoria baten hipotekea izan zan El Povaleko burdinolea.

Arrazoi horregatik, Burtzeñako elizearen zaindariak ziran Salazar y Muñatones jaunek urtean 80 anega gari eskini eta agindu ebezan.

Komentuari ordainketak egiteari itzi jakonean, honek bere ardurapean hartu eban burdinolearen administrazinoa, eta, berau konpontzea eta mantentzea errentea baino gehiago kostatzen zan ezkero, barriztu, konpondu eta salgai jarri eben.

1619.eneko zezeilaren 16an, Pedro Salazar Muñatosenen alarguna zan doña Geronima Angela de Velascok burdinolea erosi eban eta 80 anega gariko errentea ordaintzea agindu eban.

Burdinolearen prezioa 3.000 dukat (1.122.000 marai) zanez, eta doña Geronimak ez eukanez diru hori, zentsu bat hartu eban.

Zentsu hori urtero korritu eta interesakaitik 130 dukat, 65 dukateko ordainketa bitan emonez ordaindu eban.

Ganera, Komentuarenak barik Pedro de Umaran errentatzailearenak ziran burdinolarako tresnak, sutegi-hauspoak ezik, saldu eutsezan.

Doña Geronima hil zanean, korrituak ordaintzeko modurik ez egoanez, burdinolea saltzea erabagi eben zentsua ordaintzeko.

Horregaitik, doña Geronimaren alabea zan Juanagaz ezkondu zan Juan de Salazarrek bere amaginarrebearen ordainketa-modu eta baldintza berberetan erosi eban.

Honeek Bartolome de Llanori alokatu eutsen Geronimak harturiko zentsuaren 270 dukaten truk, baina Komentuak barriro eskatu eban ordainketea ez zalako burutu.

1683.ean hil zan Juana de Salazar-ek burdinolearen eta beste ondasunen jaraunspen-lokarria egin eban, eta jabeek euren ondasunen ganean hipoteka barriak izango ebazan zentsua onartzea agindu eban.

Hori horrela izan ezean, Komentuak burdinolea saldu ahal izango eban.

1685.ean, errentamendua Simon de la Quadraren eskuetara pasatu zan.

1690.eko urriaren 26an, Juana de Salazar-en semeak, Juan Francisco de Salazar y Otañesek burdinolearen legezko jabea zala autortu eban.

Beraz, Bartolome de Llanok zor ebazan zentsuen ordainketea eskatu eutson Komentuak honi, baina zorraren ardurea hartu ez ebanez, burdinolea enkante publikora atara eben, Komentuari zor jakozan korritu guztiak ordaindu ebazan don Simon de Orcasitas zala enkantegile nagusia.

Azken hori hil zanean, Luisa Salazar Hurtado de Mendoza, haren emaztea Pedro Ampuerogaz ezkondu zan, eta 1694.ean, biek alokatu eutsen burdinolea Juan de Villarri, eta 1696.ean, Juan de la Quadrari.

1699.eko zemendiaren 5ean, aurreko errentatzaileari, Simon de la Quadrari 46.000 errealetan saldu eutsoen, eta honek, 1704.eko abenduaren 20an, doña Geronimagaz eukan zentsua behin betiko ordaindu eban (6).

Ordurik aurrera, burdinolea don Simonek irasitako Quadra familiaren etxaguntzari lotuta geratu zan.

Errentamenduek aurrera egin eben (1847-1867 bitartean, Manuel de Sorrondeguiri; 1867-1869 bitartean, Alejandro de Allenderi; 1870.ean Ignacio Castañori: 1871-1879 bitartean, Juan Antonio de Zunzuneguiri).

XX. mendearen hasieran, gaur egungo hango jabeek (Perez Ibarrondo familia) hartu eben.

Udalerrian baegoan beste burdinola bat ere: Santelicestik Garapera eta Galdamesera doan bidearen ondoan egoana, Vilochikoa, alegia.

Auzokideek 1690.ean emon eben hori egiteko baimena.

Simon de la Quadra arduratu zan eregiteaz, nahiz eta El Povaleko burdinolearen jabea kontra jarri.

1693.ean, burdinolea amaitzear egoanean, euriak kalte handiak eragin ebazan egitura eta urtegian, eta hori dala eta, 3.000 dukat gehiago kostatu zan ha berreregitea.